viernes, 1 de febrero de 2013

Hiriak hiri?

Non bizi gara? Nola bizi gara? Zergatik bizi gara bizi garen lekuan? Zer espero dugu leku horrengandik? Zein dira gure beharrak? Zein dira lekuaren baldintzak? Zein izango dira etorkizuneko beharrak? Zertarako, norentzat, zertan pentsatuta eraikitzen dira edo eraiki izan dira benetan egungo hirien hazkundeak?... Galdera horiek guztiak kontuan hartzen al dira hiriak eraikitzeko garaian? Nire ustez ez inolaz ere, hitzetan agian ez dago akatsik baina handiak daude ekintzetan eta egindakoetan.

Zalantzarik gabe gai garrantzitsua da egungo hirien zurruntasunarena. Iraganera begiratuz eraikitzen da etorkizuna, aurreko urteetako beharrak kontuan hartuta, baina askotan etorkizuneko beharrak edo egindakoaren ondorioak zein izango diren eta zenbaterainoko eragina izango duten kontuan hartu gabe. Garrentzitsua da egiten denak malgutasun bat edukitzea, bai bertan egingo diren ekintzei edo izango dituen beharrei dagokienez, baina baita iraupenari dagokionez ere. Egungo plangintzak esan daiteke "gure betirako" direla, baina benetan ala behar al luke izan? Nire ustez ez. Ez litzateke txarra izango egiten denak urte batzuk barru eraldatzeko gaitasuna edukiko balu, unean uneko beharrei erantzuteko.

Egun, dagoen egoera ikusita, orain arte egin diren plangintza eta handipen izugarriak gelditu diren une honetan, hirietan esku-hartze puntualak, gutxirekin eragin handia lortzen duten esku-hartzeak, egiteko garai hona izan daitekeela uste dut. Badira ezer ez diren lekuak, erabiltzen ez diren eraikinak,... gure hirietan eta puntu horietan esku-hartuta, bizi berri bat emanda, hirian eraldaketa garrantzitsuak sor daitezkeela uste dut. Hona hemen horrelako estrategia bat adierazten eta erakusten duen proiektu bat, Ahmedabad hiriko espazio publikoa berpizteko proiektu bat (lehiaketa batera aurkeztutakoa):


Parte hartzearen gaia ere garrantzitsua dela irduditzen zait, bai herritarrena eta baita disziplina ezberdinetako profesionalena ere. Herritarrak dira beraiek bizi diren lekua hobeen ezagutzen dutenak, zein diren dauden akatsak, zein diren benetako beharrak, zein diren gehien erabiltzen dituzten espazioak... Arkitekturarekin lotura zuzena ez duten beste disziplinetako profesionalen parte-hartzea oso aberasgarria dela uste dut, arkitektoak ezagutzen ez dituen hamaika faktore eta eragin bai baitaude hirian. Guztion hartean egiten duguna aberatsagoa, anitzagoa eta hobea izango da, zalantzarik gabe!

No hay comentarios:

Publicar un comentario