jueves, 11 de octubre de 2012

FATHER and DAUGTHER laburmetraia...

Tamalez, sarritan, ez gara daukagunaz ohartzen daukagun hori galtzen dugun arte, eta galtzen dugunean itzuliko ote den itxaropena mantentzen dugu, nahiz eta jakin itxaropen hori guztiz ezinezkoa, gertaezina dela.
Zorionez, guztiak ez dira ezinezkoak. Zerbaiten ilusioa edo itxaropena izaten da aurrera jarraitzeko gogoa ematen diguna, goizean ohetik jaikiarazten gaituena, nahiz eta bidea gogorra izan borrokatzeko indarra ematen diguna. Ilusio edo helbururik gabe, etorkizuna beltza.

Laburmetrai honetan, maite den pertsona bat galtzeak dakarrena irudikatzen da, kasu honetan, itzuliko ote den itxaropena mantentzen du neskak. Beste askotan bezalaxe, itxaropen horrek badu erlazio bat itsasoarekin. Itsasoa, mugagabea, jarraia, homogeneoa, hutsa...izanik, begi askoren arreta puntua izaten da, hausnarketarako lekua. Zain gauden hori edo nahi dugun hori emango ote digun ustea edo itxaropena, puntu txiki bat urrunean ikusi eta guregana etorriko ote den itxaropena; bizkarrean ukitu bat sentitu, atzera begiratu eta desio dugun hori ikusteko itxaropena.

Laburmetrai hau ikustean, neurri batean identifikatua sentitu naiz, niri ere itsasoak kendu baitzidan gertuko norbait, baina nik ez daukat inongo itxaropenik kendutako hura itzuliko didana. Badakit ezinezkoa dela, eta gauza ezinezkoekin amestea gogoko ez dudanez, haren galera sentimendua txikitzeko erremedioa beti gogoan edukitzea dela uste dut; pertsona bat ahaztea baita benetan hura galtzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario