Hasteko, lekuko eguzkitzapena aztertu dut, faktore oso garrantzitsua baita baratzak ezarriko badira. Hau egokia izango ez balitz programa hori kolokan egongo litzateke. Beraz, espazioen jasotzen dituzten eguzki argi orduak eta inguruko eraikinek bertako espazioetan sortzen dituzten itzalak aztertu dira. Alde batetik udan, urteko argi ordu gehien dituen egunean, egongo den eguzkitzapena, eta bestetik, neguan, urteko argi ordu gutxien dituen egunean, egongo den eguzkitzapena.
Analisi hau eginda ondorioztatu da proiektuko eremua egokia dela baratzak izango dituen programa bat ezartzeko. Orientazioa izan dezakeen hoberena du: ekialdera (goizean eguzkia bertatik atera) espazio publiko ireki bat; hegoaldera, espazio publiko luze bat (itzal gutxiago berari esker, eraikinik ez baitago gertu), eta mendebaldera, beste espazio ireki bat.
Udan, eguzkia goragago dagoenean, eguzkitzapena handia da bai eraikina egiteko espazioan eta baita aurrealdeko eta atzealdeko espazioetan ere. Neguan eguzkitzapena txikiagoa da, eguzkia beherago dagoelako eta beraz itzal handiagoak sortzen direlako, baina hala ere eguzki argia ordu dezentetan dago alde zahar bat izateko. Beraz, proiektuan eguzkiari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzeko baliabideak erabili beharko ditut, maila desberdintasunekin, orientazioarekin... jokatuz.


No hay comentarios:
Publicar un comentario